Batera Jauzi Elgoibar taldearen konpromisoak egokitu
Saioan Batera Jauzi plataforma berrikusi genuen, erabiliko duten pertsonen ikuspegitik: nola nabigatzen den, nola ikusten den mugikorrean eta nola kudeatzen diren herritarren konpromisoak. Prototipoa aurkeztu genuen; badabil jada, botoiekin eta aukeratzen denaren arabera aktibatzen diren iragazkiekin. Konpromisoen 45 aukerak nola antolatu aztertu genuen, baita paperean jasotzen diren izen-emateak nola digitalizatu ere.
Adostu genuen plataformak berez dituen tresnak erabiltzea, neurrira egindako garapenik gabe; administrazio-baimenak banatzea; eta urritik aurrera jarraipen-bilera laburrak egitea.
Topaketaren akta
Erabakiak
Konpromiso indibidualak eta kolektiboak. Plataformara sartzen denak lehenik konpromiso indibidualen edo kolektiboen artean aukeratu beharko du. Horrela, errazago nabigatuko da.
Plataformako tresnak bakarrik. Fase honetan ez da neurrira egindako garapenik egingo. Plataformak berez eskaintzen duenarekin lan egingo da.
Jarraipena. Urriaren 5etik aurrera ordu erdiko jarraipen-bilerak egingo dira.
Landutako gaiak eta egiteke daudenak
Itxura eta diseinua. Talde teknikoak prototipoa erakutsi zuen, botoien bidezko nabigazioarekin. Hiztegia bateratu eta testu batzuk txukundu behar dira. 45 aukerak erraz aurkitzeko moduan nola antolatu aztertu zen. Horretarako, aukeratzen denaren arabera aktibatzen diren iragazkiak erabiliko dira, eta errepikapenak kenduko dira. Irisgarritasunari dagokionez, egungo egitura pantaila-irakurgailuekin ondo dabil. Itxura hobetzeko estilo-orriak (CSS) erabiliko dira, oinarrizko funtzionamendua ukitu gabe.
Herritarren proposamen berriak. Proposamen berriak nola onartu eta tramitatu talde eragilearen hurrengo bilerara eramango da. Parte-hartzearen jarraipena egiteko, talde teknikoak izena emandako pertsonen zerrendak esportatzeko aukera aktibatuko du.
Talde eragilearen baliozkotzea. Herritarrek edo elkarteek proposatutako konpromisoak talde eragiletik pasako dira. Talde eragileak berrikusi, iragazi eta laburtu egingo ditu argitaratu aurretik. Prozedura hori hurrengo bileran berretsi beharko du talde eragileak.
Abisuak eta buletinak. Talde teknikoak aztertuko du hartutako konpromisoen laburpen automatikoak posta elektronikoz bidaltzea, eta erabakiko du noiz eta zenbatero bidali. Bitartean, bi taldeek elkarrekin konfiguratuko dute profiletik buletinetara harpidetzeko aukera.
Konpromisoak profilean. Talde teknikoak aztertuko du nola egin, erregistratutako pertsona bakoitzak bere profilean ikus ditzan hartutako konpromisoak eta horien egoera.
Hizkuntzak. Edukiak eskuz kargatzen dira hiru hizkuntzatan. Argitaratzeko euskara baino ez da derrigorrezkoa.
Izen-emateak paperean. Erabakin konturik ez duten pertsonek paperean emandako atxikimenduak sartzeko modua bilatuko da, inor kanpoan gera ez dadin.
Ikastetxeak. Ikasleei zuzendutako gelako konpromisoak (16 urtetik aurrera) dagokion eskola-taldearen izenean erregistratuko dira.
Baimenak eta koordinazioa. Talde teknikoak administrazio-baimenak emango dizkie pertsona gehiagori, eta hurrengo bilerarako aurrerapenak prestatuko ditu. Batera Jauzi taldeak jarraipen-bileretarako deialdiak bidaliko ditu. Bi taldeek elkarrekin finkatuko dute hurrengo saio teknikoaren data, eta saio horren akta idatziko dute.
Partekatu
Edo kopiatu linka