Orokorra

Irakurri gehiago honi buruz: TaupaMugimendua.

Erabilera baldintzak

Gehitu laburpen adierazgarri Terms of service orri estatikoari administrazio-panelean.

1. Erabakiren parte-hartze printzipioak

Erabaki TAUPA EUSKALTZALEEN MUGIMENDUA FEDERAZIOAren (aurrerantzean, "Taupa") parte-hartzeko azpiegitura digital komuna da. Plataformako gune, prozesu eta funtzionalitate guztiak parte-hartze printzipio hauen arabera diseinatu, garatu eta ebaluatzen dira, eta printzipio horiek erabilera-baldintza hauen interpretazioa ere gidatzen dute:

  • 1.1. Parte-hartzearen irekitasun printzipioa Erabakin parte-hartzea irekia izango da, eta edozein muga justifikatu eta publiko egin beharko da. Prozesuak udal-eremua duenean, parte-hartzea ez da erroldara mugatuko: udalerriari edo prozesuari lotutako pertsonek eta eragileek ere parte hartu ahal izango dute, bertan erroldatuta egon ez arren; adibidez, ikastetxeetako kideek edo, udalerrian bizi ez arren, prozesuan parte hartu duten pertsonek. Hala ere, gutxieneko lotura bat eskatuko da. Gune bakoitzak argi adieraziko du nork har dezakeen parte eta zergatik, eta prozesu lotesleetan muga zehatzagoak ezar daitezke.

  • 1.2. Gardentasun printzipioa Erabakin garatzen den parte-hartze gune orok hasieratik argi azaldu behar du zertarako irekitzen den, nork eta nola har dezakeen parte (bai Erabakiren bidez, bai beste bide batzuetatik) eta zein den parte-hartze horren benetako irismena: prozesua informatiboa, kontsultiboa edo loteslea den, eta nork edo zerk erabakitzen duen. Prozesu bakoitzak, gainera, bere joko-arauak izango ditu, hasieratik ikusgai. Bidean, parte-hartzaileek jakin behar dute gunea zein egoeratan dagoen eta zein diren hurrengo urratsak; amaieran, argi geratu behar du zein izan den emaitza, zein erabaki hartu diren eta nola egin den itzulera.

  • 1.3. Hizkuntza printzipioa Tauparen misioarekin bat, euskara da ardatza, erreferentziazko hizkuntza eta lan-hizkuntza, bai mugimenduarena, bai Erabaki parte-hartze azpiegiturarena. Gure printzipio nagusia euskararen erabilera aktiboki sustatzea eta normalizatzea da, eta, aldi berean, harrera linguistikoa eta ulermena bermatzea, euskara ez jakiteak inori parte hartzea eragotz ez diezaion. Ondorioz:

  • Funtsezko informazioa eta parte-hartze arauak hartzaileek ulertzen dituzten hizkuntzetan eskainiko dira.

  • Edonork egin ahal izango ditu bere ekarpenak nahi duen hizkuntzan, eta guztiek balio bera izango dute, erabilitako hizkuntza edozein dela ere.

  • Beste hizkuntza batean egindako ekarpen batek itzulpena edo kudeaketa-denbora gehigarria behar badu, berme berberekin izapidetuko da, gune bakoitzaren barne-mekanismoen bidez.

  • 1.4. Komunikazio eta irisgarritasun printzipioa Erabakin informazioak argia, ulergarria eta irisgarria izan behar du. Hizkera erraza erabiliko da, beharrezkoak ez diren teknizismoak saihestuz; ulergarritasun hori euskara lehen hizkuntza ez duten pertsonentzat ere bermatuko da. Parte-hartzea aurrez aurrekoa nahiz online izan, ekarpenak balio berarekin erregistratuko dira, eta elkar osatuko dute. Irisgarritasunak informazioa aurkitzeko eta nabigatzeko erraztasuna zainduko du, arrakala digitalek, prekarietateak edo denbora faltak inor kanpoan utz ez dezaten.

  • 1.5. Trazabilitate printzipioa Erabakin parte-hartzaileek beren ekarpenen ibilbidea hasieratik amaierara jarraitu ahal izan behar dute: zer egin den, nola aztertu den eta zer erabaki hartu den. Ekarpenak onartzeko edo baztertzeko irizpideak ikusgai egongo dira. Taupan, trazabilitateak Erabakiren barruko eta kanpoko parte-hartzea lotzea ere eskatzen du: aurrez aurreko saioetan edo beste bide batzuetan jasotako ekarpenek beren ibilbidea eta emaitza izango dituzte plataforman erregistratuta, eta prozesuaren memoria publikoa osatzen lagunduko dute.

  • 1.6. Errespetu printzipioa Parte-hartzaile guztiek eskubidea dute beren jarrerak giro seguru eta errespetuzko batean adierazteko, desadostasuna zilegi dela aitortuta. Errespetuak pertsonak duintasunez tratatzea eta muga argiak ezartzea dakar: ez da onartuko inor iraintzea, gutxiestea edo jazartzea. Parte-hartzeak ez du inor diskriminatuko jatorria, etnia, hizkuntza, generoa, identitatea, sexu-orientazioa, gizarte-klasea edo iritziak direla-eta, eta printzipio honen aurkako jokabideak salatu ahal izango dira.

2. Informazio orokorra, erakunde titularra eta plataformaren xedea

Erabaki plataforma digitala, erabaki.taupamugimendua.eus domeinuaren bidez eskuragarri dagoena, TAUPA EUSKALTZALEEN MUGIMENDUA FEDERAZIOAren titulartasunekoa da; haren identifikazio- eta harremanetarako datuak Lege-oharrean daude.

Erabakiren xedea da parte-hartzea eta eztabaida kolektiboa egituratzea Taupan eta erakunde aliatuekin batera bultzatutako komunitate-proiektuetan, proposamenak, topaketak eta akordioak dokumentatzea, eta aurrez aurreko parte-hartzea eta parte-hartze digitala logika metodologiko berean artikulatzea.

3. Aplikazio-eremua eta onarpena

Erabilera-baldintza hauek Erabakira sartzen, bertan nabigatzen edo parte hartzen duen pertsona orori aplikatzen zaizkio. Plataformaren eduki publikoak kontsultatzea librea eta doakoa da. Modu aktiboan parte hartzeko (proposamenak aurkeztea, iruzkinak egitea, ekimenak babestea, konpromisoak hartzea edo topaketetan izena ematea), beharrezkoa da erregistratzea eta baldintza hauek berariaz onartzea.

4. Sarbide-, erregistro- eta parte-hartze baldintzak

  • 4.1. Hartzaileak eta gutxieneko adina: Erabakiko erregistro orokorra interesa duen edonorentzat dago irekita. Erregistro autonomoa Espainiako eremuan 14 urtetik gorakoei eta Frantziako eremuan 15 urtetik gorakoei zuzenduta dago; adin horretatik behera, gurasoen edo legezko ordezkarien baimena beharko da, Pribatutasun-politikan aurreikusitakoaren arabera.

  • 4.2. Lotura, baimenak eta erroldak: Kontu bat erregistratzeak ez du berez gune edo ekintza guztietan parte hartzeko baimenik ematen. Gutxieneko loturaren baldintza eta ekintza zehatzak gaitzea (adibidez, proposamenak aurkeztea, babestea edo bozkatzea) parte-hartze gune bakoitzaren arau espezifikoetan zehaztuko dira: prozesu irekietan, lotura-adierazpenaren bidez; gune mugatuetan, gonbidapenaren edo sarbide-kodearen bidez; edo Taupak gaitutako errolda espezifikoen bidez (adingabeekin egiteko dinamiketarako errolda espezifikoak edo erakundearen errolda orokorra barne, konfiguratzen den moduan).

  • 4.3. Kontuak: Erregistratzeko, baliozko helbide elektroniko bat eman eta baldintza hauek onartu behar dira. Kontu bakoitza pertsona edo erakunde bakar bati dagokio, eta ezin da eskualdatu. Izen publiko edo ezizen ikusgai bat erabil daiteke, segurtasuneko barne-trazabilitatearen kalterik gabe.

  • 4.4. Banakako parte-hartzea eta dinamika kolektiboa: Erabakiko kontu guztiak mota berekoak dira. Elkarte edo erakunde batek kontu bat erregistra dezake bere izenean, haren ordezkari gisa jarduten duen pertsona batek kudeatuta. Erabiltzaile bakoitzak modu autonomoan erabakitzen du bere parte-hartzea eta ibilbidea gaitutako prozesuetan. Elkarteen, ikastetxeen edo beste eragile batzuen parte-hartze kolektiboa plataforman erregistratutako bilera eta aurrez aurreko guneen bidez ere bideratu eta dokumentatu daiteke (bertan sortutako proposamenen egile kolektibo gisa agertzen dira), edo prozesu bakoitzean parte hartzen duten pertsona fisikoen bidez.

  • 4.5. Kontuaren baja eta ekarpenen anonimizazioa: Erabiltzaileak edozein unetan eman dezake baja bere profilaren ezarpenetatik. Ekintza horrek bere identifikazio-datuak (izena, helbide elektronikoa, ezizena eta profil-loturak) itzulezin ezabatzea dakar. Hala ere, Trazabilitate printzipioa (1.5 atala) bermatzeko eta eztabaida kolektiboen osotasuna eta memoria zaintzeko, bere proposamen eta iruzkin publikoen testuak plataforman gordeko dira, modu anonimizatuan, eta "Parte-hartzaile ezabatua" agertuko da egile gisa. Pertsonak ekarpen baten testu librean eskuz sartutako datu pertsonalak kentzeko eskatu nahi badu, datuak@taupamugimendua.eus helbidera jo beharko du.

5. Parte-hartze guneen funtzionamendua eta konpromisoak

  • 5.1. Babesen eta iruzkinen irismena: Prozesu eta fase bakoitzaren konfigurazioaren arabera, Erabakik aukera ematen du informazioa kontsultatzeko, proposamenak aurkezteko, iruzkinak egiteko, babesa adierazteko, topaketetan izena emateko eta emaitzen jarraipena egiteko. Prozesu baten arau espezifikoek kontrakoa adierazten ez badute, babesak eta iruzkinak eztabaidarako eta interesa adierazteko tresnak dira, eta ez dakarte berez proposamen bat automatikoki onartzea edo hura modu lotesle batean bere egitea.

  • 5.2. Konpromisoetarako atxikimendua eta lotutako komunikazioak: Konpromisoak hartzeko aukera ematen duten espazioetan, erabiltzaile bat berariaz atxikitzen bada, konpromisoen jarraipen-zerrenda batean sartuko da, hartutako konpromisoari zuzenean lotutako komunikazio elektronikoak jasotzeko (parte hartzeko espazioari buruzko jakinarazpen orokorrez gain). Konpromiso kolektiboetan, atxikitzen den kontuaren izena publikoki agertzen da konpromisoan. Banakoetan, plataformak atxikimendu kopurua bakarrik erakusten du, nahiz eta atxikimendua jasotzen duenaren profila jarraitzen duten pertsonek atxikimenduaren jakinarazpena jaso dezaketen; atxikimendua kontuari lotuta geratzen da eta ez da informazio konfidentziala, baliabide teknikoen bidez ezagutu baitaiteke. Parte hartzen duen pertsonak bere konpromisoak kontsultatu, atxikimendua kendu eta komunikazio horiek jasotzeari utzi ahal izango dio edozein unetan plataformatik. Konpromiso bati atxikitzean, pertsona parte hartzeko guneari jarraitzen hasten da; atxikimendua kentzeak ez du jarraipen hori baliogabetzen, gunearen orrialdetik desaktiba baitaiteke. Atxikimenduan zehar, aukeran eta bananduta, Taupako buletinetako harpidetza eskaini daiteke; ez onartzeak ez du atxikimenduan eraginik.

6. Jokabide-kodea eta debekatutako edukiak

Parte-hartzaileek konpromisoa hartzen dute Erabaki fede onez erabiltzeko. Debekatuta dago eduki hauek argitaratzea edo zabaltzea:

  • Beste pertsona batzuk iraintzen, mehatxatzen, jazartzen edo gutxiesten dituztenak, edo haien duintasuna urratzen dutenak.

  • Hizkuntza, jatorria, etnia, generoa, identitatea, sexu-orientazioa, gizarte-klasea, desgaitasuna edo iritziak direla-eta diskriminatzaileak direnak.

  • Nahita faltsuak edo engainagarriak direnak, edo eztabaidak, babesak edo konpromisoak manipulatu nahi dituztenak (kontu anitz sortzea edo nortasuna ordeztea barne).

  • Hirugarrenen datu pertsonalak haien baimenik gabe jasotzen dituztenak, edo jabetza intelektual edo industrialeko eskubideak urratzen dituztenak.

  • Helburu komertziala edo publizitarioa dutenak, edo nahi ez den posta (spama) direnak.

  • Kode maltzurra sartzen dutenak edo plataformaren segurtasuna eta erabilgarritasuna arriskuan jartzen dituztenak.

7. Moderazioa, gorabeheren jakinarazpena eta berrikuspena

Edonork jakinaraz ditzake arau hauen aurkako edukiak edo jokabideak, plataforman integratutako salaketa-tresnaren bidez edo datuak@taupamugimendua.eus helbidera idatzita.

Gorabeheren jakinarazpenak kudeatzea eta moderazio-neurriak aplikatzea Taupak izendatutako administrazio-taldeari dagokio. Arauak betetzen ez badira, edukia ezkutatu edo kendu, ohartarazpena eman eta, kasu larrietan edo errepikatuetan, kontua aldi baterako edo behin betiko eten ahal izango da. Hartutako edozein neurri arrazoituta jakinaraziko zaio eragindako pertsonari, eta pertsona horrek idatziz eskatu ahal izango du neurria berrikustea, datuak@taupamugimendua.eus helbidearen bidez, jakinarazpena jasotzen duenetik hamar (10) egun balioduneko epean; Taupako gobernantza-organo eskudunak ebatziko du.

8. Edukien tratamendua, sarbide publikoa (APIa) eta jabetza intelektuala

  • 8.1. Izaera publikoa eta APIaren bidezko sarbidea: Erabakiko gune irekietan argitaratutako ekarpenak webgunetik kontsulta daitezke eta, eskuragarri daudenean, plataformaren datuetarako sarbide-interfazearen (APIaren) bidez. Eskuragarri dagoen informazioak argitaratutako edukia eta egilearen profil publikoko datuak izan ditzake, hala nola izena, ezizena, identifikatzailea, avatarra, profilerako esteka eta txapa publikoa. Datu pertsonalen tratamendua Pribatutasun-politikan azaltzen da.

  • 8.2. Eskubideak eta lizentziak: Parte-hartzaileek beren ekarpenen egiletza morala gordetzen dute, eta Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-SA 4.0) lizentzia librearekin argitaratzen dituzte. Lizentzia horri esker, Taupak eta edozein hirugarrenek ekarpen horiek berrerabili, egokitu eta zabaldu ditzakete eraikuntza kolektiborako, betiere jatorrizko egiletza aitortzen bada (plataforman ikusgai dagoen identifikatzaile publikoaren bidez) eta lan eratorri oro lizentzia berarekin partekatzen bada. Irekitasun hori ez zaie aplikatzen Tauparen eduki instituzionalei, diseinuari, kode propioari, zeinu bereizgarriei eta markei; horien eskubide guztiak gordeta daude, Lege-oharrean ezarritakoaren arabera.

9. Datuen babesa, pribatutasuna eta cookieak

Erabakin erregistroaren, parte-hartzearen eta konpromisoen jarraipenaren ondoriozko datu pertsonalen tratamendua Pribatutasun-politikan xedatutakoak arautzen du. Nabigatzailean datuak biltegiratzeko eta berreskuratzeko gailuen erabilera Cookie-politikan zehazten da. Erabilera-baldintza hauek Lege-oharrarekin osatzen dira, eta ez dute dokumentu horietako bat ere ordezten.

10. Erantzukizuna, aldaketak eta jurisdikzioa

Erabiltzaile bakoitza da Erabakin argitaratzen dituen adierazpen eta edukien erantzulea. Taupa ez da parte-hartzaileek emandako iritzien erantzulea, aplikatu beharreko araudiaren araberako arreta- eta moderazio-betebeharraren kalterik gabe.

Taupak Erabilera-baldintza hauek eguneratu ahal izango ditu, araudi-aldaketetara, hobekuntza teknikoetara edo gobernantza-akordioetara egokitzeko. Funtsezko aldaketak behar besteko aurrerapenarekin jakinaraziko dira plataforman. Baldintza hauen interpretazioaren edo aplikazioaren ondoriozko edozein auzitarako, Taupa eta erabiltzailea indarreko legeriaren menpe jartzen dira eta, legeriak ahalbidetzen duenean, Durangoko (Bizkaia) epaitegi eta auzitegien men